OSTALARITZA ESKOLA PUBLIKOA GALDAKAON

Jarduerak

  • Home
  • MENDIKO EKINTZAILETZA BILAKAERA

MENDIKO EKINTZAILETZA BILAKAERA

Galdakaoko Ostalaritza Eskolak jarduera aparta antolatu du lehen mailako ikasleentzat. Guztira 24 pertsonak hartu dute parte, abenduan izandako ekintzan. Hiru egunez, parte hartzaileek naturan murgiltzeko aukera izan zuten, Bizkaiko Mendizale Federazioak Arrabako zelaietan duen aterpean gaua pasatuz, Gorbeiako Parke Naturalean egiten diren ekimen ekintzaileak bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Mendeetan zehar, Gorbeia baliabide naturalen aprobetxamendu bereziaren lekuko izan da, eta aparteko ondare etnografikoa sortu du, antzinako kokalekuetatik hasi eta hainbat garaitako jardueretaraino. Artzaintzarekin lotutako elementu ugari aurki daitezke, hala nola txabolak, kortak, ukuiluak, babeslekuak, iturriak, elurzuloak, txilardiak, ikaztegiak, kare-labeak eta monumentu megalitikoak, besteak beste.

Horregatik, irteerako programa bizia eta aberasgarria izan zen, asko zegoen esploratzeko eta ezagutzeko.

Lehen egunean, Pagomakurretik Ipergortako gailurreraino (1235 m) igoera egin zen, eta handik Gorbeia mendiaren ikuspegi ikusgarriaz gozatu genuen. Gainera, aterpean egindako bazkari ederra baten ondoren, bertako ekoizleen 0 km-ko produktuarekin, parte-hartzaileek hitzaldi batean parte hartu ahal izan zuten, Aitor Azkueta inguruko Idiazabal gazta-ekoizle ezagunaren eskutik.

Aitorrek bere esperientzia pertsonala eta profesionala ikasleekin partekatu zuen, Zeberioko Olarreko baserrian bere familiaren jarduera tradizionalari bira ematea nola erabaki zuen azalduz. Bere izaera ekintzaileak gaztagintzaren munduan murgildu zuen, Arantzazuko Artzain Eskolan ikastaro bat egin ostean.

Gaur egun, Aitorrek artalde kopurutsua dadu, eta, besteak beste, Idiazabal gazta ekoizten du baserrian. Gazta hori zuzenean saltzen du tokiko hainbat merkatutan (Gernikan, Bilbon...). Bere inspirazio-historia eta lan horrekiko konpromisoa bertan zeudenekin partekatu ziren, eta Arrabako zelaiei ematen zaien erabilera ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, udaberrian eta udan artaldea bazkatzeko, halaber euren ardiek ekosistemaren mantentzean duten eragina ezagutzeko aukera izan zuten. Irudi batek mila hitz baino gehiago balio duenez, amaitzeko Idiazabal gazta dastatu zen.

Bigarren eguna aurkikuntzaz eta irakaspenez beteta egon zen. Aterpeko zaindaria eta mendiko gidari aditua den Josebaren zuzendaritzapean, sarrerako atea, Axular begia, zeharkatuz, parte-hartzaileek Itxina arakatu zuten.

Josebak, eremua ondo ezagutzen duenak, taldearekin partekatu zuen lekuaren historia aberatsa, inguruan garatzen ziren lanbide tradizionalak azalduz. Gorbeiako artzainaren txabolara egindako bisitak ikuspegi paregabea eskaini zien ikasleei ingurune menditsu horretako bizi- eta lan-baldintzei buruz. Gainera, Neberabarriko geldialdiak iraganean Bilborako izotz-hornitzaile gisa izan zuen garrantzia hobeto ulertzen lagundu zuen, elikagaiak kontserbatzeko hozte-sistema industrialik ez zegoenean.

Eguna aterpean material geologikoa ikusteko saio batekin amaitu zen, non Itxinaren jatorri liluragarria arakatu zen. Ba al zenekien duela ehunka milioi urte koralezko arrezife bat zela?

Gainera, Josebak aterpean ekintzaile gisa izandako esperientzia pertsonala partekatu zuen taldearekin, eta ingurune paregabe horretan negozio bat kudeatzearen abantailak eta erronkak nabarmendu zituen.

Hirugarren eta azken eguna ere aipagarria izan zen. Goiz goizean altxatuta, taldea Gorbeiako gailurra (1482 m)igotzen ausartu zen, eta, horrela, hiru esplorazio, natura eta ikaskuntza jardunaldiei amaiera eman zitzaien. Pagomakurrera itzultzean, taldea pozik sentitu zen esperientzia ahaztezinak bizi izan zituelako, erronkak gaindituz eta eskualde menditsu honen ezaugarri den espiritu ekintzailea arakatuz.

Ikasleek zein irakasleek erabat gozatu zuten jarduera aberasgarri horretaz, naturarekin konektatzeko eta tokiko aditu ekintzaileen eskutik ikasteko aukera eman baitzien, Next Generation funtsen laguntzari esker.

Laguntza behar duzu?
Lineako laguntza
Laguntza behar duzu?