URRATSBAT: Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasleen talentua ENPRESARI lehiaketan
Joan den hilabetean, Galdakaoko Ostalaritza Eskolako Erdi eta Goi Mailako zikloetako proiektuak ENPRESARI lehiaketan aurkeztu ziren, DEMAk antolatuta, aurretik egindako lan eta tutoretza prozesu baten ondoren, ikasleek beren ideiak landu eta mamitzeko aukera izan dutelarik.
Aurkeztutako proposamenen artean nabarmentzen da “La Vuelta al Pintxo 360º”, Sukaldaritza Zuzendaritzako ikasleen proiektua, sormenaren eta ekintzailetzaren alde egiten duen gastrobar bat, eta, aldi berean, inklusioaren ikuspegia txertatzen duena, pertsona ezberdinek esperientzia gastronomikoaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Erdi Mailan, “Kukis, galletas gourmet” proiektuak ekonomia zirkularra eta zero hondakinen ikuspegia lantzen du, arrautza-oskolak, bere hondakin nagusia, landareentzako ongarri natural bihurtuz, eguneroko baliabideei bigarren bizitza emanez.
Bi proiektuek Joseba Etxebarria (DEMA)ren tutoretza eta Susana Pérez (Urratsbat) dinamizatzailearen laguntza izan dute.
Epaimahaiaren erabakia ekainaren 9an ezagutuko da, DEMAk antolatutako azken ekitaldian.
Esperientzia honek ikasleen talde-lana, ahalegina eta ilusioa indartzen ditu, ekintzailetzaren bidean.




